Non geratu dira plazak?

Mungiako plaza

Duela pare bat urte, lehen sektorean ari garen hiru lagunok Txilintxoie bloga sortu genuen.Txilointxoie gariaren artean hazten den belar txar bati deitzen zioten Jatabe aldean. Holan ikusten genuen gure burua , porlan artean ernaldutako belaunaldi berria, sasoi batean errotik ateratako belarra berriz hazi guran, gariaren artetik gora egin gura genuen. Belar txarra sekulan ez delako galtzen gure hazia ereiteko artikulu batzuk idatzi genituen.

Gaur, Mungiko plazara bidean horietako artikulu batetaz gogoratu naz

 

NON GERATU DIRA PLAZAK?

Espazio publikoen erabilera indartu nahiean ibiltzen gara askotan, kalea berreskuratu nahiean, dinamika oro plazan aurkezteko apustua egiten dugu. Bada historikoki baserritarren harreman gune, salmenta espazioa, sektorearen presentzia isladatu duena: plaza Astero, hutsik egin gabe, bizirik dagoen espazio publiko izkutua. Agorturik ote?

 

Dudarik gabe, plazak gure herrietako zati nabarmena dira. Herriko gune publiko eta ireki hau, herriaren erdigunean garatzen da. Identitatea, emozioak, eta harremanak batzen dituen ontzi bat da. Fisikoki espazio hutsa izan arren, hainbatetan esangurez betetzen da gizarte bizitzaren harrera gune bihurtuz.

Plaza, bestelako ekintzak antolatzeko erabiltzen dugu; jaialdiak, mitinak, dantzaldiak … eta nola ez merkatu ezin hobea da! Urte askotan zehar baserritarrek bertan bere produktuak plazaratu dituzte. Gaur egun ere, Euskal herriko herri batzuetan, tamalez, gero eta herri gutxiagotan,  astean behin plaza kolorez eta soinuez betetzen da bitartekari gabeko salmentarako prest.

Astero, gure kasuan barikuro, bertoko produktoreak batzen ditu plazak. Harreman gune hori, salmenta zuzenerako apustu hori, etorkizun duin bat elikatzeko gogo hori, astero, barikuro

Badira bertaratzen diren gazte gutxi. Kuku bat egitera hurbildu eta kasualitatez bertoko produktuak ezagutzen dituztenak. Betiko fidelak, gehienak jada bastoiaz lagunduta, tinko mantentzen direnak.

Duela aste batzuk hauxe entzun genuen: “ eztakit edadea dan ala ez, baia halako ekimen txiki honekaz gero eta gehiago disfrutatzen dot”. Nostalgikoen gune bilakatu ote da plaza?

Kontsumo eredua aldatu dala badakigu, espazio handi, koloretsu, erakargarriek asetzen dituzte gure beharrak. Espazio erosoak, “nahi duzun” oro eskeiniko dizutenak. Edo hori da saldu digutena?

Espazioak ez dira berez edo euren egituragatik definitzen, ezpada bertan garatzen diren jarduerengatik baizik,  plaza jenderik gabe ezin da inola ulertu, bertoko produktoreok kontsumitzaile barik ezin dugu bizi.

Bada erreleboa, bada gogoa, baina plazak ezin du alde bakarrez elikatu. Agorturik ote da, egungo gazteen erritmora egokitu behar ote da, edo ordez gazteok plazaren erritmora  egokitu behar gara plaza bizirik iraun dezan?  Duda barik gune publiko eta ireki hau gizarte aldakuntzen lekuko isilik da.

 

 

 

 

 

Azoka larrabetzu 2018 /txaramela pasta

BERTOKO PRODUKTUEN XX.AZOKA LARRABETZU – TXARAMELA PASTA

BERTOKO PRODUKTUEN XX.AZOKA – TXARAMELA PASTA

Domeka honetan, urriaren 21ean, urtero bezala, Larrabetzuko Plazan Gurpide elkarteak antolatzen duen Bertako produktuen azoka handian egongo gara.

Gurpide Bertoko produktuen elkartea, Larrabetzuko baserritar eta kontsumitzailez osatuta dago. Elkartearen helburu nagusienetakoa hurbileko eta kalitatezko produktuen eskuragarritasuna bultzatzea da. Larrabetzuko eskolarekin ere lan egiten dute umeen menuak bertako ekoizleen  produktuekin osatzen direlarik.

Azoka honen ibilbidea luzea da eta gure kasuan hau parte hartuko dugun hirugarren urtea izango da. Bertan eskuratu ahalko dituzue aste honetan mimo handiz prestatu ditugun zapore ezberdinetako pastak. Azkeneko kalabazin eta piper gorriekin egindakoak, berakatza eta perexilagaz, espinakekin, erremolatxarekin, kurkuma, kurry, albaka etb…

Sasoi aldaketan gaude eta bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzea oso garrantzitsua da bai guretzako baita lurrarentzat ere, horregatik azoka honen leloa  “Lurra, lana eta jana”.

Ez dugu ahaztu behar azokak berreskuratzea ezinbestekoa dela, tokikoak diren produktuak, sasoikoak, kulturalki egokiak, alde bientzat prezio justua dutenak eta  osasungarriak diren elikagaiak eskuragarri izateko.

Gainera horrela kontsumitzen badugu beste kontsumo eredu bat bultzatzen dugu eta azokako kontsumitzaile bakoitzak bertoko ekoizleen elikagai prozesu produktibo osoa ezagutu, konpartitu eta babestu egiten du. Kontsumitzaileak ekoizlea ezagutu eta bere kontaktua izango du.

Zirkuitu laburrak eratzeko baserritarren eta herritarren arteko harremanak landu eta zubiak eraiki behar ditugu, norbanakoen konpromisoa jorratu behar da, elkarrekiko ezagutza bultzatu eta ahalik eta erantzukizun partekatu handiena sustatu behar da.

Hori dela eta domeka honetan Larrabetzura bertaratzera animatzen zaituztegu, giro ona eta produktu ezin hobeak udazkenari aurre egiteko . Azokaz aparte, kartelean ikusi ahal duzuen bezala ekintza ezberdinak egongo dira azokaren egunean eta aste horretan zehar:

  • Landa-lurra ondare estrategikoa: Larrabetzu (Gaindegia ren eskutik)

Urriak 17, 19:00retan Anguleri kultur etxean

  • Ariketa fisikoaz gozatu bertoko lorategiak txukunduz. (Gym Berdearen eskutik)

Azokako egun berdinean goizeko 12:00etan

  • Basogintza Bizkaian. Eta orain zer? (Kolore Guztietako Basoak-en eskutik)

Urriak 30, 19:00 retan Angulerin Kultur etxean

 

Ez galdu aukera, animatu eta erdu azokara!!