BERTOKO PRODUKTUEN XX.AZOKA LARRABETZU – TXARAMELA PASTA

Azoka larrabetzu 2018 /txaramela pasta

BERTOKO PRODUKTUEN XX.AZOKA – TXARAMELA PASTA

Domeka honetan, urriaren 21ean, urtero bezala, Larrabetzuko Plazan Gurpide elkarteak antolatzen duen Bertako produktuen azoka handian egongo gara.

Gurpide Bertoko produktuen elkartea, Larrabetzuko baserritar eta kontsumitzailez osatuta dago. Elkartearen helburu nagusienetakoa hurbileko eta kalitatezko produktuen eskuragarritasuna bultzatzea da. Larrabetzuko eskolarekin ere lan egiten dute umeen menuak bertako ekoizleen  produktuekin osatzen direlarik.

Azoka honen ibilbidea luzea da eta gure kasuan hau parte hartuko dugun hirugarren urtea izango da. Bertan eskuratu ahalko dituzue aste honetan mimo handiz prestatu ditugun zapore ezberdinetako pastak. Azkeneko kalabazin eta piper gorriekin egindakoak, berakatza eta perexilagaz, espinakekin, erremolatxarekin, kurkuma, kurry, albaka etb…

Sasoi aldaketan gaude eta bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzea oso garrantzitsua da bai guretzako baita lurrarentzat ere, horregatik azoka honen leloa  “Lurra, lana eta jana”.

Ez dugu ahaztu behar azokak berreskuratzea ezinbestekoa dela, tokikoak diren produktuak, sasoikoak, kulturalki egokiak, alde bientzat prezio justua dutenak eta  osasungarriak diren elikagaiak eskuragarri izateko.

Gainera horrela kontsumitzen badugu beste kontsumo eredu bat bultzatzen dugu eta azokako kontsumitzaile bakoitzak bertoko ekoizleen elikagai prozesu produktibo osoa ezagutu, konpartitu eta babestu egiten du. Kontsumitzaileak ekoizlea ezagutu eta bere kontaktua izango du.

Zirkuitu laburrak eratzeko baserritarren eta herritarren arteko harremanak landu eta zubiak eraiki behar ditugu, norbanakoen konpromisoa jorratu behar da, elkarrekiko ezagutza bultzatu eta ahalik eta erantzukizun partekatu handiena sustatu behar da.

Hori dela eta domeka honetan Larrabetzura bertaratzera animatzen zaituztegu, giro ona eta produktu ezin hobeak udazkenari aurre egiteko . Azokaz aparte, kartelean ikusi ahal duzuen bezala ekintza ezberdinak egongo dira azokaren egunean eta aste horretan zehar:

  • Landa-lurra ondare estrategikoa: Larrabetzu (Gaindegia ren eskutik)

Urriak 17, 19:00retan Anguleri kultur etxean

  • Ariketa fisikoaz gozatu bertoko lorategiak txukunduz. (Gym Berdearen eskutik)

Azokako egun berdinean goizeko 12:00etan

  • Basogintza Bizkaian. Eta orain zer? (Kolore Guztietako Basoak-en eskutik)

Urriak 30, 19:00 retan Angulerin Kultur etxean

 

Ez galdu aukera, animatu eta erdu azokara!!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *